Urolako Bide Berdearen ibilbidea

Urolako tren zaharraren ibilbidea berreskuratuta.

Urolako Bide Berdeak Azpeitia eta Legazpi lotzen ditu Urola ibaiaren bideari jarraituta. Azpeitiko Garmendipe kirolgunean hasten da ibilbidea eta zuzenean Loiolaraino eramaten gaitu Bide Berdeak. Bertako geltokira iritsitakoan asfaltozko bidea amaitu egiten da eta Loiolako Santutegiaren inguruko lorategian zehar egiten du aurrera. Loiolan geldialdia egitea erabakiz gero, San Ignazioren jaiotetxea den Loiolatarren Dorretxea eraikin ikusgarria eta Basilika ezagutu daitezke.

Basilikaren eskuinaldean berriro helduko diogu bidegorriari, eta Urola bailararen ederraren barrena sartuko gara. Ibilbidearen zati hau izaten da jendetsuena, oinez, patinekin zein bizikletan. Azkoitira iritsita, gaur egun Udal liburutegia den Urola Trenaren geltokiaren paretik igarotzen da bidegorria. Toki honetan moztu egiten da bidegorria eta bi aukera daude jarraitzeko: Xabier Munibe kaletik joatea, Urola ibaira eta plaza nagusirako noranzkoan; ala Elkargune kirolgunearen tuneletik sartu eta Ibaiondo kalera ateratzea. Herrigunetik sartzen denak, Andra Mariaren parrokia eta Idiakez dorretxea ikusteko aukera izango du, besteak beste. Azkoitiko hirigune historikoa monumentu multzo izendatua dago eta eraikin ikusgarri asko biltzen ditu.

bidegorria1

Ibaiaren bideari jarraitu eta Jausoro auzora joan beharra dago atzera Bide Berdera bueltatzeko. Jausoroko dorreak atzean utzi eta industriguneak eta mendiak izango ditugu lagun aurrerantzean. Baratzak eta baserriak nonahi ikusiko ditugu eta bailara nola estutzen den ohartuko gara. Zubiz eta tunelez betetako bideari ekingo diogu Aizpurutxoko geltoki zaharrera ailegatu arte. Azkoititik 5 kilometrora eta Urola ibaiaren bi aldeetara eraikita dagoen auzoa da Aizpurutxo. San Agustin eliza (1904), frontoia eta bi ostatu daude bertan.

Urola ibaitik gora joanda Aginagako atsedenlekutik pasatzen da bidea. Erabat aldatzen da paisaia hemendik aurrera, haran ertsitik bailara zabalagora igaroz. Zelaiak eta baserriak dira nagusi Urretxuko geltoki zaharrera bitartera. Bide Berdeak erdiguneraino eramango gaitu.

Patricio Etxeberria enpresaburu legazpiarrak bere fabrikara merkantziak garraiatzeko erabiltzen zuen trenbidearen zatian jarraitzen du bideak. Zumarragako geltoki zaharraren ondotik pasa eta bidean lantoki handiak eta mendiak uztartzen doaz Legazpiraino. Hemen, erdigunetik 500 metrora dagoen industrigune batera iristean bukatzen da Urolako Bide Berdea. Nahi izanez gero, Legazpin dagoen bidegorritik jarraitu daiteke Mirandaolaraino, Euskal Burdinaren Museoa dagoen tokiraino. . Parkea zeharkatu eta Brinkola auzora joan daiteke bizikletaz, C-1/Brinkola-Irun sareko tren geltokiraino. Bidaiaren bukaera edo beste baten hasiera izan daiteke.

 

Bizikleten alokairu zerbitzua erabilgarri dago Azpeitiko Aitzaki Kirolak dendan (Jose Antonio Agirre Plaza, 4). Tel.: 943 150 738 / 605 770 078 - eMail: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Jaitsi eskuorria: Urola Bide Berdea pdf

FaLang translation system by Faboba