Termalismoa

Zestoako Bainuetxea

Garai batean Gipuzkoan zeuden bainuetxe ugarietatik Zestoakoa da, 200 urteren ondoren, zutik dirauen bakarra. Kondairak dioenez, 1760. urtean konturatu ziren Zestoako uren balio terapeutikoaz. Donemiliagako markesa Zestoa inguratzen duten zelaietan zebilela, hazteriak jotako bere txakurrek ur beroz betetako putzu batzuetan bainatu eta berehala sendatu omen ziren. Uren dohai hartaz jabetuta, erabilera publikorako izendatu zituzten eta honela sortu zen Zestoako Bainuetxea, 1804an. Jatorrian ur gazia ematen zuten bi iturburu haiek eta horregatik eman zieten "Gezalaga" izena. Gaur egun, jatorrizko bainuetxearen ondoan Hotel Nagusia dago zabalik, 1893an ireki zuten eraikin neoklasiko dotorea. Handik mende batera, 1983ko uholdeen ostean, Zestoako bainuetxea goitik behera zaharberritu zuten, zerbitzuak eta instalazioak hobetu eta hidroterapia teknikarik berrienak jarri zituzten martxan. Egiturak eta gelak erabat berrituta baditu ere, leial eutsi dio mende amaierako eta "Belle epoque" garaiko estiloari.

Bainuetxean honako zerbitzuak eskaintzen ditu (medikuaren agindu eta kontrolpean): bainu termalak, ur eta aire zorrotadak (hidrogym), masajeak eta hidromasajeak. Horrez gain, igerileku termalak, "multijet" igerilekuak, askotariko dutxak, bainu turkiarra, lurrin-bainua, saunak eta gimnasioa.

Hotelak 130 logela ditu (banakakoak, binakakoak eta suitak) hiru solairutan banatuta. Jangela handiak 520metro karratuko zabalera du, 550 lagunentzako tokiarekin. Horietaz gain, estilo modernista duen 'Ehiza jangela', 'Jangela arabiarra', Jangela Nagusia eta kafetegiko egongela ere baditu. Lorategi ederrez inguratuta dago eraikina. Leku aproposa da, beraz, osasuna berreskuratzeko edo, besterik gabe, erlaxatzeko eta atseden hartzeko.

Ikus Zestoako Bainuetxe Hotelaren fitxa

FaLang translation system by Faboba