Hernio-Gazume

Hernio-Gazume eremua karekizko formazioa da, gailur harritsuz eta lurzoruzko koba karstikoz osatuta dagoena. Kontserbazio Bereziko eremu izendatu dute eta Natura 2000 sarean sartuta dago. Guztira, 2.160 hektarea ditu, Aia, Albiztur, Alkiza, Asteasu, Bidegoian, Errezil, Hernialde, Larraul eta Tolosa udalerrietan banatuta. Fauna eta florako espezie basati askoren babeslekua da eta biodibertsitatearentzako interes berezikoak diren beste hainbat espezie ere hartzen ditu. Goialdeetan belatz handiak eta putre arreak bizi dira, eta mirotz urdinek habia egiten dute bertan. Beherago, baso mistoa eta belardiak daude. Zumarrek, astigarrek, ezkiek, lizarrek eta hurritzek osatzen dute basoa. Gainera, bertako haitzulo eta leize ugarietan saguzar espezie askok dute bizitokia.

Hernio-Gazumeko mendi eta basoen aberastasuna mantendu eta zabaltzeko asmoz sortu dute Fagus Alkiza interpretazio zentroa, naturaren eta gizakiaren arteko harremanak aztertzen dituen gunea.

Hernioko mendilerroa Oria eta Urolako arroen artean hedatzen da, Andoain, Azpeitia eta Zarauzko inguruneak arte. Hernio, Gipuzkoako Aizkorri, Txindoki, Aiako Harria eta Izarraitz mendiak bezala, bisitari ugari izaten duen klasiko bat da. Iraileko igande guztietan erromeria jendetsua egiten da Hernio (1.075 m) mendian. Belaunaldiz belaunaldira gorde den ohiturari jarraituz, Zelatungo (859)erromerian dantza egin eta zelaietan eseri eta mokadu bat egiten du jende andanak urtero. Azken igandea izaten da egun nagusia.

Hernioko tontorrera iritsi baino lehen, harrizko gurutze zaharrean metalezko bost uztai daude. Kondairak dioenez, haietatik pasatzen denak hezurretako gaixotasunak eta erreuma uxatuko ditu. Horretarako, fededunek gorputz osoa pasatu behar dute uztaietatik.

Nola iritsi:

Iturriozko bentatik. autoa bertako aparkalekuan utzita.
Errezildik,
Etumetatik,
Asteasutik, Larrauldik, Alkizatik, Hernialdetik, Tolosatik, Albizturtik, Bidania-Goiaztik edota Aiatik ere badira bideak Erniora igotzeko.

 

Mendi ibilbideen informazioa jasotzeko ikusi Urolako Mendi Ibilbide Sarea

FaLang translation system by Faboba