Geoparkea

Itsasoa eta lurra elkartzen direneko miraria

Gipuzkoa mendebaldeko Geoparkeak itsaslabar ikusgarria hartzen du bere baitan, eta ondare aberatsa eskaintzen du geologiari, paisaiari eta kulturari dagokionez. Zumaiak, Debak eta Mutrikuk osatzen duten gunea Europako Geoparkeen Sareko kide da. Denboraren poderioz metatutako eta itsasoaren eraginez moldatutako altxorra da Euskal Kostaldeko Geoparkea, geruza harritsuetan idatzitako milioika urteko historia kontatzen diguna. Flysch izenarekin ezagutzen den egitura honen geruzen sekuentziak 60 milioi urte inguruko gunea osatzen du. Lurraren historiako gertaera garrantzitsuen aztarna ikus daiteke bertan, horregatik bihurtu da denbora geologikoaren nazioarteko erreferentzia.

Lurraldeko barnealdean, paisaia karstikoa dugu, kareharriaren higadurak sortutako parajea. Milioika urtean, urak harkaitzak zulatu ditu eta bizilekua eskaini die gure arbasoei. Biztanle haiek beren bizimoduaren eta artearen arrastoak utzi zituzten eta guganaino iritsi dira haien sinesmen eta mitoen aztarna baliotsuak.

Geoparkearen baitako hiri eta landa guneetan kultur ondare garrantzitsua ere aurki daiteke. Bertako tradizioak, gastronomia eta izaera ezagutu eta ibilbide ahaztezinaz gozatzeko aukera ematen du inguru paregabe honek.

 www.geoparkea.com

FaLang translation system by Faboba