Zumaia

Urola eta Narrondo ibaiek bat egiten duten badian dago Zumaia, 10.000 biztanle inguru dituen herria. Historiaz betetako Alde Zahar dotorean eraikin interesgarriak ikus daitezke, hala nola, San Pedro parrokia, Zumaia eta Ubillos jauregiak, eta Olazabal eta Goikotorre etxeak. Hainbat auzo ditu Zumaiak, Artadiko San Migel eta Oikia dira garrantzitsuenak.

Balio geologiko itzela duen itsaslabarra ere badu Zumaiak, higadurak sortutako kareharri eta hareharri xaflaz osatutako Flysch izeneko fenomeno bereziari esker. Zumaia, Deba eta Mutriku arteko kostaldean zutik geratu ziren geruzetan lurraren historiaren zati eder bat kontatzen duten sedimentuak daude bistan, zehazki 60 milioi urteko informazioa. Hauxe da Zumaia, Deba eta Mutriku herriek osatzen duten lurraldeak 2010ean Euskal Kostaldeko Geoparke izendapena lortu izanaren arrazoi nagusienetako bat.

Honen harira Algorri Interpretazio Zentroak Zumaiako natur ondarea ezagutzeko aukera ematen du, ekosistema desberdinak nahiz aipatu ondare geologikoa ulertzeko ezarrita duen erakusketari esker.
Zumaiak bi hondartza ditu, Santiago eta Itzurun izenekoak. Kirol-portu modernoaren jabe da eta turismo eskaintza zabala jartzen du bisitarien eskura. Kirol portutik gertu, Ignazio Zuloaga Kultur Gunea bisita daiteke margolariaren eta beste artista batzuen lanak ezagutzeko.

Arrantza-tradizioko herria izanik, San Telmo itsasgizonen zaindariaren omenez ospatzen ditu jai nagusiak. Ekainean, berriz, sanpedroak ospatzen dituzte eta oso ezaguna da uda amaieran egiten den Olarro Eguna ere.

www.zumaia.eus

FaLang translation system by Faboba