Explore Urola

Ezin dizuet ukatu, Urola bailarak harrapatu egin nau. Loiolatik hasi eta Beizamako belardietara, Zestoako kale, Azkoitiko frontoi edo Azpeitiko tren museotik pasa eta gero. Leku guztiek dute bere xarma, guztiak ezberdinak izanda ere, baina bailarak badauzka bi gauza komunean: ibaia eta Izarraitz.

 Archivo 000(12)

 

Beti esan izan dut, ni mendi artean bizi zalea naizela baina ez mendira igo zalea. Hala ere, gaurko bidaia honetan 1000 metrotik gora igoko naiz. Izarraitz ezagutuko dut.

Badaezpada ordea, bide errazenetik igoko naiz, hau da, Attolatik.

 

 Archivo 000(8)

 

Kondairak dio Izarraitzek Izazpi mendiari galdetu omen ziola hi zer haiz? eta hark erantzun Hi, zazpi eta hortik omen datoz hauen izenak. Hala jasotzen du behintzat Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ezagunak.

 

Archivo 000(10)

 

Benetan ez dakit esaten Izazpi Izarraitz zazpi aldiz den, baina kontutan hartuta Izarraitzeko mendiguneak, berez 14 tontor dituela… Erlo, Xoxote, Kakute, Sesiarte, Agido, Atxurigain, Gorostizabalgaña, Aittolako punta, Aitzbeltz, Aittolako gurutzea, Gaintxipua, Andutz, Saltsamendi eta Garallutz. Ezagunenak hori bai, aurreneko hiruak dira eta ibilbide honetan hiruak ezagutzen saiatuko naiz.

 

Archivo 000(22)

 

Elgoibarretik Azkoitiarako bidea hartuta Azkarateko gaina pasa eta Madariaga auzora hartu dut Attolara joan ahal izateko. Bertan aurkitu dudan parkinean utzi dut autoa.

 Archivo 000(38)

 

Hemendik Xoxoteko aterpetxera lau kilometroko eta ordu eta erdiko bidea daukat gutxi gora behera, ia 300 metroko desnibelarekin. Eskerrak ez naizen betiko bidea diotenetik etorri, hau da Azpeititik zuzenean datorrena, 850 metroko desnibela igo beharko nuelako 920 metro dituen mendi bat igotzeko.

 

Archivo 000(40)

  

Attolako aparkalekutik gora eginda segituan ikusiko dugu mendikateari buruzko informazioa ematen digun kartela.

 

Archivo 000(32)

 

Honen ondoan zuhaitz artean sartuko gara eta lurrezko pista zabal batetik jarraitu dut beste kartel bat aurkitu dudan arte: Xoxote, Erlo, Kakute. Bide onetik noa.

 

Archivo 000(23)

 

 

“Mendian gora haritza

Ahuntzak haitzean dabiltza

Itsasoaren arimak dakar

Ur gainean bitsa.

Kantatu nahi det bizitza

Usteltzen ez bazait hitza

Mundua dantzan jarriko nuke

Jainkoa banintza”

 

(Xabier Amuriza/Imanol Lartzabal)

 

 

Archivo 000(19) 

 

Zuhaitz artetik atera bezain pronto, artzain txabola batera iritsi naiz. Eroria dago, baina bere momentuan inguru honetako larreetan ardiak ibiliko zirela ematen dit aditzera honek.

 

Archivo 000(27)

 

Belarretan gora, lurrezko bide bat hartuta sakon batera iritsi naiz (Trikuan Sakona deitzen diotela jakin izan dut beranduago).

 

Iturri batera ere iritsi naiz (Izkikoa omen) eta kantinplora betetzeaz gain, eztarria ondo freskatu dut.

 

Archivo 000(24)

 

Erloko antenaraino doan pistarekin bat egin dut baina segituan aurkitu dut Xoxote seinalatzen duen kartela.

 

Archivo 000

 

 

Gaur hori izango da nire helmuga, bertako aterpetxean lo egiteko asmoa baitaukat. Artzain borda batzuek pasata malda bat igo behar izan dut, ibilaldi honek tranpa zeukan niretzat, gogorrena bukaerarako egin baitzait!! Hala ere, umeekin ere egiteko moduko paseoa da, 4 kilometro eta 280 metroko desnibelarekin segituan heltzen zara aterpetxera.

 

Archivo 000(2)

 

Orain urte batzuk arte ardien gordeleku bezala erabiltzen zen txabola 1983an Lagun Onak Mendizale taldeko jendeak guztiz eraberritzen hasi ziren eta 84ko Xoxote egunez (maiatzaren 27a) inauguratu zuten aterpetxe moduan.

 

Archivo 000(1)

 

Gaur egun zerbitzu asko ematen dituen lekua da. Mendizaleak aldatzeko, zerbait jateko eta eguraldi txarretik babesteko leku batetik, gaur egun gosariak, menuak, plater konbinatuak edota afariak eskaintzen dituen toki bat izatera pasa da. Gainera 32 ohedun bi logela ditu, bere bainugela eta dutxekin, eta udaran egunero aurkituko duzu zabalik. Gaur esfortzu gehiegirik ez dut egin, baina bihar hiru tontor nagusiak bisitatzeko asmoa dudanez, afari eder batekin gozatu dut eta segituan joan naiz ohera.

 

Archivo 000(13)

 

Gau guztia pasa dut ametsetan, nola demontre egingo zuten ardi txabola bat eraikuntza puska hau bihurtzeko, ia mila metroko altueran? Herritar asko eta finak izango ziren. Beno ni ametsetan ere horietako bat bihurtu naiz eta Obelix ere ikusi du nire ametsean harriak ekartzen.

 

Archivo 000(21)

 

 

Bitxia da, baina Loiola Izarraitzetik eramandako harriekin eraiki zutela esaten da, eta Xoxoteko aterpetxea? Herritik ekarri zituzten harriak? Urola turismoko Oihanari zer galdetua badaukat. Afaria ederra izan bazen, gosaria ez da atzean gelditzen. Gaurko ibilbidea egiteko indarrik ez zait faltako!

 

 

Archivo 000(15)

 

Atzoko bidetik atzera egingo dut, aurreneko tontorra Azkoitiko lurretan dagoen Kakute izango baita. Aldapen behera erraz hasi dut gaur bidea eta segituan egin dut topo Erloko antenara eramaten duen pistarekin.

 

Archivo 000 (1)

 

 

Gero hartuko dut bide hau. Orain Zamalekuko lepotik (Kakute Xoxotetik bereizten duen lekua) Izkiko iturrira iritsi naiz berriz. Ezkerrera hartu eta berehala iritsi naiz Kakuteko gainean dagoen gurutze erraldoira. Behatoki modura erabili dut gurutzea eta ikusi dudana benetan ederra izan da. Urola bailara guztia ikusi daiteke hemendik, garai batean Iraurgi bailara bezala ezagutzen zena. 924 metrora nago, baina milatik gora igotzeko asmoz nagoenez, banoa, Izarraitzeko tontorrik altuenera:Erlora.

 

Archivo 000(11)

 

 

Berriz ere bidera jaitsi eta oraingoan bai, Erloko antenara igotzeko pista hartu dut. Eta handik, harri eta belar bidetik, iritsi naiz nire bigarren helmugara.

 

Archivo 000(46)

 

 

1026 metro ditu Erlok, ez da garaiegia, baina itsasotik horren gertu egonda, badirudi askoz ere altuera gehiagora zaudela. Eta noski, eguraldi onarekin… ia Euskal Herri guztia ikus daiteke hemendik.

 

 Archivo 000(47)

 

Ipar-ekialderuntz Landatako kostaldea ere ikus daiteke; hego-mendebaldera begiratuz gero, durangaldeko mendi harkaitztsuak, Anboto edo Udalaitz kasu; ekialdera begira jartzen bagara Aiako harriak, Larrun eta Pirinioak ikusiko ditugu, eta hegoalderantz biratuta Aralar, Aizkorri eta Urbasako mendilerroak.

 Archivo 000(43)

 

Archivo 000(9)

 

 

Euskal Herriko errege sentitzeko moduan. Mokadutxo bat jan eta gaurko hirugarren eta azken tontorrerako bidea hartuko dut. Banoa Xoxote!!

 

 

Archivo 000(14)

 

Buelta erdia eman eta berriz ere Zamalekurantz noa, hirugarrenez gaurkoan. Nabari da, hau izan daitekeela hiru tontorren erdia eta. Oraingoan baina, atzoko bidea hartu, eta gaur goizean iritsi naizen puntutik pasako naiz.Dagoeneko aterpetxea jendez beteta dago. Eta gehientxuenak, edo Xoxotera joateko asmotan, edo bertatik bueltan zerbait jaten ari dira.

 

Archivo 000(20)

 

 

Pista utzi eta eskumara hartuta segituan aurkitu dut San Ignazioren harrizko erreplika erraldoia. Badirudi, Urola bailara berak kontrolatu nahi duela, edota bailarako herritarrek edozein puntutatik ikusten denez, bertan zaindari bat dutela sentitu nahi dutela.

 

 

Archivo 000(7)

 

 

Tontor xumea da Xoxote, 912 metro altuerakoa, baina seguruenik tontorrik bisitatuena izango da. Aterpetxea gertu edukitzeak akaso izango du zer ikusia, baina uste dut honetan ere San Ignaziok badaukala zer esan. Bailara honetan dena ote dago berari lotua? Azpeitia bertatik bertara ikus daiteke, iñurri tamainan hori bai.

 

 

Archivo 000(5)

 

 

Erlon errege sentitu banaiz, orain Jainko sentitzeko moduan nago! Hobe beherako bidea hartzen badut, baten batek zoro hau nondik irten den galdezka hasi baino lehen.

 

Archivo 000(33)

 

Atzokoan bide erraza hartu nuen eta gaurkoan ohikoa hartuko dut, aldapa beherantz denez… Bidezidor batetik hasi naiz jaisten eta segituan topatu dut iturritxo bat. Baina, hori baino gauza ederrago eta bitxiago bat ere: Elur Zulo bat! (Azpeitian neberue bezala ezaguna) Gipuzkoan hobekien kontserbatuta dagoen elur-zuloa omen da eta hemen egiten zen izotza, Zestoako bainuetxera eta kostaldeko portuetara (Zumaia, Mutriku eta Ondarrura) izotz edariak egiteko idi-gurdietan garraiatzen zuten. Horregatik harrizko galtzada bat eraiki zuten bertaraino, Zestoatik igotzen dena eta gaur egun ere erabili daitekeena. Nik baina, ez dut bide hau hartuko, pagadi eta pinudi artean sartuko eta borda bateraino iritsi naiz.

 

Archivo 000(35)

 

Archivo 000(18)

 

“Nargun” izeneko gainetik behera, sigi-sagaka jaitsi naiz harrizko bide batetik, Urreta Txikira baserrira iritsi arte. Behera jarraitu dut eta “Bildotxola”, “Arantzeta” eta “Takolo” baserriak pasa eta gero “Santutxoko” ermitara arte heldu naiz. Eskilarak jaisteko ordua iritsi zait orain “Iturritxikira” iritsi naizen arte. Azpeitiko kaleetatik nabil jada eta bertan dago herriko plaza.

 

Archivo 000(6)

 

Iritsi naiz!! Ai ama!! Baina nik kotxea Attolan utzi nuen eta atzo!! Norbaitek eramango al nau??

 

IMG 1447

 

Nire txoko guztiak ezagutzeko nahiak orientazioa galduarazi didanez, eskerrak eman nahi nizkioke berriro, Urola turismoko Oihanari, oraingoan ere berak lagundu baitit hanka sartze hau konpontzen.

 

Garbi geratu zait Izarraitzeko itzulia autoz hasten badut biderik gomendagarriena, Aterpetxetik- Xoxotera, Xoxotetik – Erlora eta Erlotik – Kakutera egitea dela. Horrela behin Kakutetik Attola jaitsiz, ez duzu ni bezalako hanka sartzerik egingo.

 

 

 

Iñaki Sare

Saila: Blog
FaLang translation system by Faboba