Astelehena, 27 Azaroa 2017 14:10

Bainua hartuz “Liliuratzen” Zestoan

Orain hilabete batzuk, zestoa bisitatu nuenean, liluratuta utzi ninduen herri honek zeukan historia. Vicente Davilaren eskutik gauza asko deskubritu ahal izan nituen, paleolitikoan hasi eta gaur egungo kontuak bisitatuz. Baina penaz gelditu nintzen Liliko jauregia ezin izan nuelako barrutik ikusi, hau asteburutan bakarrik zabaltzen baita eta bertan egiten diren bisita antzeztuetako bat bizitzeko gogoz egon naiz ordutik. Baina ez hori bakarrik. Badakit jakin, jende gehienak jakingo duen moduan, Zestoak fama handia hartu zuela bere momentuan bainuetxearengatik eta hau ere bisitatu gabe gelditu nintzenez, orduan eman nuen hitza bete eta berriz ere kotxea hartuta, Zestoarako bidean jarri naiz.

Egingo dudan aurreneko gauza Lili bisitatzea izango da. Bertara bidea zein den ezagutu nuen Ekainberrira joan nintzenean bertatik pasa bainintzen. Beraz, autoa erdigunean utzi eta gero, Turismo bulegotik pasa naiz erreserba egitera eta jauregirantz abiatu naiz.

 

oficina turismo zestoa

 

Aurrekoan bezala, aldapan behera joan naiz Urola Ibairaino, zubi zaharra pasa eta Lauiturri atzean utzita segituan iritsi naiz Lilira. Aurreneko bisitan hartuko dut parte.

 

lili senales

 

Lili jauregia Zestoako bailarako historiaren puntu garrantzitsuetako bat da. Lilitarrak inguruko nekazaritza lur, baso eta erreka askoren jabeak ziren, eta bere jabetzako baserriek errenta ugari ordaintzen zituzten.

 

lili exterior

 

Haien aberastasuna burdinaren eta zuraren lanketan oinarritzen zen, eta jauregia lilitarren gizarte mailaren erakusgarria zen. Baina, atea zabaldu bezain pronto, sartu ahal izateko “sarrera-txanpona” eskatu eta zerbitzari berria izango nintzela eskatu zidaten!! Ni!! Bandeja bat salatik sukaldera eramateko gai ez naiz eta!!

 

entrada lili

  

Hau deskalabrua… gainera zalditegian utzi naute. Gero konturatu naiz pasarte hau ere, bizi izan dugun antzezlanaren parte bat dela. Izan ere, antzezlan honetan, bakarrizketa baten bitartez, jauregian bizi izan zen lilitarren leinuko azken biztanleak, “Andre Madalenek”, 1678. urtera eraman gaitu eta jauregiari bisita eginez, orduko Gipuzkoa nolakoa zen erakutsi nahi izan digu.

 

carro lili

 

Historia gogorra da familia honena. Dena izatetik sekulako gainbehera batean sartzera pasa baitziren eta antzezlana gidatzen duen aktoreak modu bikainean sartu nau tristezia mundu horretan. Txundituta jarraitu dut esaten zidan guztia, zerbitzariak jabeari bezalaxe. Bigarren pisura igota, Jauregi gutxitan aurki daitekeena bezalako areto nagusia ikusi ahal izan dut, Italiar eta Flandriarren inbidia. Garai oparoetatik ihesi baina, Andre Madalenen senarra atxilotu zutenetik, desohorearen, lotsaren eta tristuraren laino beltzek etxea hartuta dago eta euskal emakume honek, bere barruan dituen indarra eta adorea nola ateratzen dituen bizi ahal izan dut.

lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat.

(Mikel Laboa)

Bisita amaituta, oraindik ez nago ziur gaur egunean gauden edo orain dela lau mende. Palazioa bikain dago zaharberrituta. Berau janzteko erabilita dauden tresna eta altzariek garai haietara eramaten zaituzte ezbairik gabe. 

 

lili teatro

 

Lilitarren gainbeherak, herriko beste fenomeno batekin kointziditu omen zuen denboran: Gesalagako ur termalen aurkikuntzarekin hain zuzen ere. Zestoak ur mota hauekin duen elkarbizitza beraz, oso da aspaldikoa eta honi eta herriak honi esker bizitako boom turistikoari buruz gehien jakin dezakeenetako bat Vicente Davila denez, berarekin gelditu naiz. Eta nun hobe Bainuetxean baino? Hala ere, denbora tarte bat badaukat oraindik eta tripa hotsek gaur egunera ekarri eta estomagoari kasu egin behar diodala esan didatenez, Mollergi tabernara gerturatu naiz mokadutxo bat jatera.

 

pincho mollergi

 

Urdaiazpiko eta piper berdez beteriko kuiatxozko pintxo ederra jan dut. Presentzia ederra bazeukan, zaporez zer esanik ez! 

 

entrada balneario zestoa

 

Beti bezain umoretsu eta irribarretsu hartu nau Vicentek. Beti irakasteko prest. Beti bat ahoa bete hortz uzteko prest. Lehenik, zubira eraman nahi izan nau, bertatik ikusi ahal izateko bainuetxean eraiki zen lehenengo eraikuntza: “Casa Baños” edo Bainu etxea”

 

pasillo puente balneario

 

Izenak badauka logikarik ez? Berau 1806koa omen da baina bainuetxea eraiki aurretik bertan jendeak bainuak hartu eta bertako urak eraten zituela ere jakina da. Jovellanos izeneko aditu batek eman zuen honen berri aurrenekoz, Zestoan, ibaiaren ondoan putzu batzuetan, jendeak gaixotasunetatik sendatzeko urak hartzen zituela esanez hain zuzen ere.

Bi iturburu ditu bainuetxeak eta batetik ura 31 gradutan irteten da eta bestea 29tan. Esaten da, bere garaian, elurra egiten zuenean, inguru honetan ez zuela zuritzen. Normala!! Gradu horietan irteten bazen orduan ere ura!! Tenperatura ezberdinak bakarrik ez, urek konposizio ezberdinak ere badituzte eta itxuraz bata ona da gibeleko gaitzak sendatzeko eta bestea giltzurrunarentzat. Urak berez, belardi arteko iturburu txiki batzuetatik irteten zen, baina jendearengana errazago heltzeko, nolabaiteko bi koba eraiki zituzten, Lourdes irudikatuz bezala, hemengo urak, hangoak bezala, mirarigileak direla irudikatuz. Bertatik pasatzen ziren bisitari guztiak ur baso bat hartu eta paseoan ibili eta gero bizitza soziala egiteko. 

 

enbotellado agua zestoa

 

Hori bai, guztiak komunetik pasatzen ziren aurrena, tripa guztiak garbitzen zituztelako ur hauek eta… gaurko kolazko freskagarrien antzera izango zen bada!! Botiletan ere saldu omen zuten Espainia eta Hego Ameriketan. Eta Urola trenari esker gainera etxe askotara iritsi omen zen.

Eraiki zen bigarren etxea, “Sarrerakoa” izan zen , 1852. urtean. Gaur egun frontoia dagoen lekuan omen zegoen.

 

balneario zestoa pasado

 

Eta bainu etxearen artean eta sarrera honen artean egundoko pasealekua egin zuten, jendeak bainuak hartzeaz gain paseatu zezan. Geroagokoa da Hotela edo “Gran Hotel” deritzona, 1895ekoa hain zuzen ere. Eta ondoren etorri ziren Alameda eta Etxeberri hotelak. Aurrenekoaren azpia gainera dendez bete zuten. Modu horretara mikrokosmos antzeko bat sortu zen, bisitariek bertatik irten behar ez zutelarik, bertan zutelako behar zuten guztia. Herri baten zegoen beste herri txiki bat zirudien, diruak sortzen duen mailaketa soziala eta guzti. Diru gehien zutenek Gran Hotelean hartzen zuten ostatu, bere igogailu, joko gelak, jantoki handi, musikari, kapila edo telefonistekin besteak beste. 

 

piano balneario zestoa

 

Zestoa Europako mapan kokatua zegoen jada Bainuetxeari esker. Pentsa, Alfonso XIIIren denboretan, ministro kontseiluak ere egin izan zirela bertan. Eta bainuetxearen itzalean, herria hotelez bete zen, 13 guztira, herriaren bizigarri izan zirenak . Hainbat momentu goren bizi izan zituen Bainuetxeak, batez ere, XX mendeko hasieran, Gudu Zibilaren aurretik eta gerora, 50. hamarkadan ere.

Hain handia izan zen hartu zuen fama, bere momentuan, ur gehiagoko emaria edukitzeko hainbat formula ezberdin bilatu zituztela, izan ere, zeukan bezero kopururako ur nahikorik izango ez ote zen beldur ziren. Gaur egun 200 bat pertsonek hartzen dituzte bainuak egunean, baina ura nahikoa badago guztientzat.  

 

comedor balneario zestoa

 

Vicentek hainbat historia kontatu dizkit, Pio Barojari edo Azorini adibidez, ez zitzaiela bat ere gustatu Bainuetxea gustatu bertan bizi zen giro aristokratiko eta aspergarriagatik. Aureliano Guerra y Orbe ministro ohiari berriz, zoragarria iruditu zitzaiola eta Zestoa eta bere inguruaz maiteminduta amaitu zuela. Edo, “Ama Begira Ezazu”ren pre-estreinaldia eta “Handiya” bezalako filmen grabaketak ere Bainuetxe honetan egin zirela. Edo, eraiki zuten zubiak zer nolako garrantzia izan zuen “bañistak” bertaratu ahal izateko. Edo herrian zegoen ohitura, Bainuetxera errekatik gabarra txikitan etortzekoa… Orduak egongo nintzateke berari entzuten. Uste dut, eskolan historia horrela irakatsi bazidaten, gaur egun historialari bat gehiago egongo litzatekeela munduan. 

 

comedor otro balneario zestoa

 

1983an Euskadin egon ziren uholdeek txikitu egin zuten Bainuetxea, baina berreraiki eta berriz ere garai batzuetako indarra berreskuratzen hasia da dagoeneko. Gainera, geroz eta gazte gehiagok bizi nahi izaten dute bainuetxeetako bizitza. Eta zer demontre, orduko eta gaur egungo bisitariek bizi izan dutena bizitzeko modurik onena nik ere probatzea izango da ba…

 

exterior balneario zestoa

 

Gorputza eta burua berria bailitzan utziko nauen “wellness” tratamendu batekin eta bainu lasaigarri bat hartuaz agurtzen naiz. 

 

piscina balneario zestoa

 

Orain ulertzen dut zergatik nahi izaten zuten Europa guztitik Urola Bailarako herri txiki honetara etorri.

 

termal balneario zestoa

 

Agurtu aurretik, ezin ahaztu, ondoan izan dudan Vicente Davilarekin (626 036 990 edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.). Berriro ere nire bidai ikaragarri honetan lagundu didan, dagoeneko esan dezaket, laguna. Berari entzuten orduak eta orduak pasako nituelako behin eta berriro. Bainuetxeko Mayte Rodrigezeri, esker bereziak eman nahi nizkioke, bere “etxeko” ateak zabaldu eta txoko guztiak ezagutzeko aukera emateagatik. 

 

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

FaLang translation system by Faboba