Astelehena, 09 Urria 2017 07:40

Urola Touring-a, eguneroko estresetik ihes egiteko bidaia

Eguneroko bizitzak, eguneroko errutinak, egunero ordu berdinean jaiki, berdina gosaldu, lan orduetan ordenagailuaren aurrean orduak pasa eta etxera iritsita betiko kateetan betiko telebista programak ikustera eramaten gaitu. Horrek nolabaiteko estresa sortzen du gorputzean. Niri bai behintzat eta horregatik noizean behin bidaia txiki bat egin ohi dut autoa hartuta eta musika topera daukadala, gure inguruak ezagutu eta beraietaz gozatuz, burua pixka bat liberatzeko asmoarekin.

 

inaki interior coche

 

Eta Euskal Herriak ematen du hori egin ahal izateko beta. Itsasoa eta mendia horren gertu egoteak, bat-batean leku turistiko eta masifikatu batetik toki bukoliko eta bakarti batera iristeko aukera ematen dizu instant batean. Industria gune batetik, belardi batera salto egin dezakezu bi minutuko kontuan. Eta hori argi eta garbi ikus daiteke azken aldian horrenbeste bisitatzen ari naizen Urola bailaran.

 

paisaje vasco

 

Horregatik gaurkoan ere nire barruan txoko handi bat hartzen hasia den lur hauetara egingo dut bidaia. Nolabaiteko bidaia ezkutua, jendearengandik pixka bat ihes egin eta paisaiaz disfrutatu eta egunerokotasunetik ihes egin ahal izateko. Hasi naiz google maps-en begiratzen baina Urola turismoko Oihanari deitzea hobe izango delakoan, hark pista batzuk eman dizkit: “Balcón de Gipuzkoa” – Errezil – Erdoizta – Santangrazi – Aizarna – Aizarnazabal. Bidaia hau egitea gomendatu dit eta noski, nik kasu egingo diot.

 

itinerario touring

 

Tolosatik Errezilerako bidea hartuta, Albistur eta Bidania-Goiatz atzean utzi ditut.

 

cruce tolosa errezil

 

Hortik gutxira iritsi naiz “Trintxera” esaten dioten lekura. Berez, iturburuko gaina dauka izen ofizial moduan, baina guztiek ezagutzen dute Trintxera moduan Errezilgo auzo hau.

 

trintxera cartel

 

Bertan hostal bat egon zen bere momentuan eta egiari zor leku ikaragarri polita da, Gipuzkoako lur handi bateko ikuspegia daukazu eta bertatik.

 

balcon de guipuzcoa

 

Horregatik deituko diote seguruenik “Gipuzkoako balkoia” edo “Balcón de Gipuzkoa”. Bidaia bista zoragarri hauekin hasi badut… gozatuko dudalakoan nago. Auto martxan jarri eta Azpeitiarako bidea hartu dut. Hemendik 4-5 kilometrora dago Errezil baina bihurgune pare bat pasata herria ikus daiteke eta hau ikusita gogora etorri zait “Errezil, nekez jaio eta errez hil” esaera zaharra. Ez dakit hau egia izango ote den, baina bere garaian herri honek, mendi artean (Ernio azpian) egonda ere, egundoko garrantzia izan zuen Gipuzkoako lurraldean.

 

errezil carretera

 

Esaten denez, herri honetako soroek probintziako garirik hoberena ematen zuten eta horrexegatik, XVIII. eta XIX. mendeetan errezildarrei, jasotzen zuten gari anega bakoitzeko, Gipuzkoako beste edozein lurraldeetakoei baino erreal bat gehiago ordaintzen zitzaien. Agian, zailtasunez beteriko herria izango da, “herri txiki, infernu handi” dio baita beste esaera zahar batek, baina ikusten dudanagatik behintzat, patxadaz eta lasai bizitzeko lekua dirudi.

 

errezil coche

 

Bihurgunez beteta dago bidea eta komeni azkarregi ez joatea. Gainera, merezi du lasai ibiltzea paraje hauetatik. Izarraitz parez pare ikusita, ezker-eskubi belardi eta baserri zaharrez inguraturik aurkitu dut nire burua. Errezil erdi-erditik pasatzen da errepidea eta beherantz jarraituta, zuhaitz artean ibiliko naiz denbora batez.

 

linea carretera

 

Euskal Herriko usain “karakteristiko” bat ere nabaritu dut; zatza partitzen ibiliko ziren seguruenik. 15 minutu ere ez dira pasa Benta Berriko bidegurutzera iritsi naizenerako eta hemen eskuinera hartu dut, Erdoiztarantz.

 

cruce erdoizta

 

Bidea estuagoa da orain, momentu batzuetan, Pirinioetan edo Suitzako mendi magaletan egongo banintz bezala noa. Beste momentu batzuetan baso baten barruan nagoela iruditzen zait. Oh, oh!! Kotxea parean! Larri pasatu gara bat alde batera eta bestea bestera, eskerrak ondo baztertu den! Bideak gora jarraitzen du eta “segunda” sartuta denbora askoan ezkerretara ikusi daitezkeen bistez gozatu dut. Hala ere, komeni aurrera begiratzea, kurbaren batean bestela… Hara! Kattagorriak!!

 

carretera arbol

 

Iritsi naiz goraino. 800 bat metrora egon beharra daukat gutxienez igo dudan guztiarekin. Ia 25 minutu pasa dira “Gipuzkoako balkoitik” txangoa hasi dudanetik; bidegurutzea hartu eta bigarren mugarriaren bila noa: Erdoizta.

 

cruce pueblo erdoizta

 

Errezileko auzo honetara iritsi bezain pronto parez-pare aurkitu dut San Isidro Baseliza. Laborarien patroiaren omenez eraiki zen XIX. Mendearen hasieran nahiz eta duen zilindro eragatik eta erdi-puntako arkuz eginiko sarrerengatik erromanikoa dirudien.2003an Eusko Jaurlaritzak Sailkatutako Kultura Ondasunen barruan “Monumentu” moduan izendatu zuen. Bitxia da, ikusten dudan zilindro forma duen aurreneko ermita baita, eta oker ez banago Gipuzkoan ez dago forma au duen besterik.

 

san isidro iglesia

 

Gainera, zilindro bat bestearen gainean bailego dago eraikia, eta barruak ere borobil forma edukita ere, bi kapera txiki hartzeko gai da. Monumentu ederra da eta orain ez asko berritu dutela dirudi.

 

interior san isidro

 

Hartu dut berriz ere autoa eta bide beretik, kostalderantz noa: Aizarnara. Errepidean aurrera, metroak behera egiten ari naizela esango nuke, baina mendia ere nerekin behera datorrela dirudi, denbora denean, zuzenguneetan pixka bat azkarrago joanda ere, tontorretik jarraitzen dudala dirudi, Kilian Jornet, behin tontorra egin eta mendiaren ertzetatik behera korrika hasten denean moduan. Minutuak aurrera pasa ahala, zuhaitz artean sartu naiz, errepidea bihurgunez josi da eta autoaren abiadura jaitsi behar izan dut halabeharrez. Jende artean egotera ohituta dagoenari arraroa egingo zaio hemendik ibiltzea. Apenas ikusten da inor, autoak gutxi eta pertsona bat ikusi orduko, bozina joka hasi naiz bera agurtu nahian. Pentsatuko zuen: “Zoro hau nondik atera da?”. Bakean dagoena bakean utzi behar omen da eta, hobe dut nik ere aurrera jarraitzea.
Aizarnara iritsi aurretik baina badaukat derrigorrezko geldialdi bat egiteko, Oihanaren gomendioei jarraituta: Santa Engraziko ermita hain zuzen ere.

 

santa engrazi paisaje

 

Eskubira hartu dut bidegurutzea eta baserri baten ondoan utzi dut autoa. Oinez 10 bat minutu omen dira eta hankak pixka bat luzatzea ondo etorriko zait. Harrizko bidetxo batetik hasi eta zelaian amaitu dut tontortxorako bidea, eta hemen aurkitu dudanak zur eta lur utzi nau. 1.600en auzolanean eraikitako baseliza xume honek egundoko xarma dauka. Kontakizun batzuek diote ermita dagoen lekuan gaztelu txiki bat egon zela ertaroan, baina dirudienez, aurrez egon zen ermita tximista batek aurretik eraman zuen, seguruenik egurrezkoa izango zelako.

 

santa engrazi ermita

 

Oraingoa dena harria da, baina bere sinpletasunean dago bere xarma. Baina eraikinaz harago, bere ingurua da edozein liluratuko lukeena. 510 metroko altueran, Pagoetako Natur Parkean kokatua egoteak inguru zoragarri batez gozatzeko aukera ematen dio, sekulako bistekin, Ernio eta Izarraitz, nola ez, baina baita kostaldeko lur eta itsasoa ere. Euromilloiak tokatuz gero, badakin nun egingo dudan nire etxea!
Azpiko horrek Aizarna behar du izan eta tripa zorroak hitz egiten hasi direnez banoa ia bazkaltzeko tokiren bat topatzen dudan.

 

aizarna paisaje

 

Aizarna berez, Zestoako auzo bat da, baina herri txiki baten itxura guztia du, eskola txikitik hasi eta eleiza arte, harrizko etxeetatik eta plaza laukizuzen ederretik pasata.

 

aizarna centro

 

Aranburu izeneko jatetxean bazkari ederra zerbitu digu “Anbu”k. Digu diot, nik bezain besteko gosea duen Kolonbiako neska batekin eta beste gizonezko batekin partekatu baitut jangela. Itxuraz neska Santiago bidea egiten ari da eta bere jakinmina asetuz gizonezkoak inguruko bide eta kondaira guztiak deskribatu dizkio.

 

ensalada aranburu

 

Tripa ederto beteta, berriz ere autoa martxan jarri eta errepidera atera naiz. Irratia piztu eta Gatiburen kanta eder bat bozgorailuetatik irtetea biak izan dira bat:

 

 

Munduan zehar biraka dabilen

bidaiari zintzoa naz ni

dekodana, eskeintzen dot

nahi dodana hartu.

Librea naz

libre jaixoa

librea

edozein lekutan.

 

 

Leihoa jaitsi eta topera kantatzen eskua atera dut. Automatikoki olatuarena egiten hasi naiz; “Te gusta conducir?” zion orain urte batzuk telebistan botatzen zuten iragarki batek. Halaxe nabil ni. Gezurra dirudi noan errepidetik joanda, hemendik 5 kilometro baino gutxiagora industria-gune bat dagoela jakiteak. Kosta pixka bat urrunago gelditzen da, baina jendea surfean ere ikusi ahal izan dut bidean noala. Aizarnazabal kanpoaldean Surferoentzat laku artifizial bat egin zuen orain urte batzuk enpresa batek eta entrenamenduetarako erabili ohi dute askok eta askok.

 

 

cruce aizarna aizarnazabal

 

 

15 minutu ere ez dira pasa Aizarnatik irten eta Urola ibaia gainetik pasatuz Aizarnazabaleko herrian sartu naizenerako.

 

 

cruce aizarnazabal

 

 

Historia berezia duen herria da hau. Ibañarrietatik Aia eta Zarautzera zioan bide zaharreko bidegurutze batean kokaturik Zumaiako parte izan zen, 1861ean burujabetasuna lortu zuen arte. Herrigunera heltzeko aldapa bat igo behar izan dut eta parez pare aurkitu dut Mikel Goiangeruaren parrokia, bere frontoiarekin eta pixka bat aurrerago Udaletxea. Bertan aparkatu dut autoa eta seguruenik herri guztia elkartu dezakeen herriko plazaren erdian jarrita alde guztietara begira jarri naiz. Aurrena, frontoia. Elizako paretetako bat aprobetxatuta Euskal Herriko herri askotan egin izan den moduan, garbi uzten du kirol honen hastapenak non izan ziren.

 

 

aizarnazabal fronton

 

 

Parrokia XVI. mendekoa omen da, Erdi Aroan zegoen beste baten gainean eraikia. Ezkerrera eginez Udaletxea dago. Urte asko dituen eta berriztua izan den eraikin baten tankera badu ere, nahiko berria dela esan daiteke, 1954 eraiki baitzen. Hori bai, herriko etxeen estilo tradizionalari jarraitu zioten eraikitzerako orduan.

 

aizarnazabal ayuntamiento

  

Berriz ere ezkerrera eta taberna bat ikusi dut parez pare. Eta nola ez, gosea eta egarria sartu zaizkit. Banoa bertara, mokadu bat jan eta trago bat hartzera!
Bidaia luzea egin dudala dirudi eta neke pixka bat somatzen hasita nago. Egiari zor, hasiera puntutik kotxean pasa dudan denbora ez zen ordu eta laurden baino gehiagokoa izango, baina leku eta paraje eder pila ezagutzeko tartea izan dut. Esan didatenagatik, Touring honek jarraipena du kostaraino, Zumaiara arte hain zuzen ere, baina gaurkoz nahikoa egin dudalakoan nago. Deskonektatu dut eta estresa gainetik kendu ere. Hasi naiz konturatzen kotxea ez dela estresa sortzen duena, trafikoa baizik. Autoaz eta autoarekin disfrutatzeko moduko bidaia da Touring Urola hau. Benetan gomendagarria. Ah! Eta euskal musika topera jarrita bidaia eginez gero zer esanik ez!!

 

dedo inaki sare

 

 

Iñaki Sare

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

FaLang translation system by Faboba